Euskal Herri osoko hainbat herri eragile politiko, sindikal edota sozialetan parte hartzen dugun militanteak gara.
Gure herrian atzo eta gaur garatu eta garatzen diren beste hainbat formazio-proiektutan parte hartzen dugu, eta Eskola diseinatzeko konpromisoa hartu dugu, Euskal Herriko askapen prozesuan ekarpen eraginkorra eta eraikitzailea egin dezakeelakoan.
Eskola inolako alderdi, eragile politiko, sindikatu edo herri eragileren menpe egon ez arren, hauekin lan egiteko prestutasuna eta helburua du, besteak beste, horrela ulertzen baitugu Eskolaren eraikuntza prozesua bera.
Eraikuntza prozesuaren xedea Euskal Herrian herri formazio politikorako eskola sortzea da. Ikuspegi iraultzaile eta kritikoaren bidez, eraldaketa prozesuak bultzatu nahi ditu eskolak, herri mugimenduen zein mugimendu askatzaileen kideak formatu, elikatu eta osatzeko asmoz, Euskal Herrian herri boterea sustatze aldera.
Eskolak espazio fisiko propioan antolatuko diren formazio-barnetegi edo ikastaroen bidez garatuko du bere jarduera, eta formazio prozesuak bultzatzearekin batera, xede izango du ikerketa, hausnarketa, eztabaidarako espazioak eta ideien zabalkunderako bitartekoak sortzea.
Gure herrian, aurreko hamarkada luzeetan herri mugimenduetan zein herri formakuntzan sortutako esperientziak aintzat hartzen ditu Eskolak, besteak beste: frankismoaren garaian antolatutako ezkutuko eskola sozialak, 60ko hamarkadako mugimendu kooperatibistaren eskolak, 70eko gau-eskolak, ikastolak eta eskola-unibertsitate herritarrak, 80ko herri mugimendu, sindikatu zein mugimendu askatzaileen formazio-eskolak, 90eko eta ondorengo gazte eta ikasle mugimenduen formazio-eskolak, eta azken bi hamarkadetako nekazari, ekologista zein feminista ikuspegiak dituzten formazio-prozesuak.
Esperientzia anitz eta aberats horietatik edaten dugu, gure herrian garai desberdinetan egon diren egiteko, egoteko moduak, joerak eta jarduerak geure eginez.
Era berean, inguruko zein urrunagoko formazio-esperientzietatik ikasteko eta bere burua aberasteko gaitasuna erakutsi du historikoki gure herriak. Horregatik, munduan zehar garatu izan diren eta garatzen diren formazio-esperientziak ezagutu eta aintzat hartzen ditugu. Esaterako, proiektu honen bultzatzaileetariko askok Movimento dos Trabalhadores Rurais sem Terra no Brasil (MST)-rekin harremana izan dute, eta euren esperientzia pedagogikoa hartu da oinarri proposamena gauzatzeko.
Formazio-proiektu honek egungo injustizia eta zapalkuntza egoera oro gainditzeko bidean egin nahi du ekarpena, eta horien aurrean, jendarte eta proiektu askatzaileak eraikitzen laguntzeko xedea du.
Eskolaren ikuspegia askatzailea eta dinamikoa den heinean, aintzat hartzen ditu historian zehar egindako ekarpen askatzaile anitzak, bereziki Amalurrarekin lotura izan duten jatorrizko herrien ekarpenak zein azken mendeetako askotariko mugimendu iraultzaileen esperientziak (ikuspegi sozialista,komunista, libertarioa, feminista, ekologista, antimilitarista...).
Horrela, ideologikoki iturri anitzak eta dinamikoak izanagatik ere, Eskolak sustrai ideologiko sendoak ditu, eta ezinbestez, irekita dago egungo ekarpen berri desberdinei ere. Honela laburbildu daitezke formazio-proiektuaren oinarriak:
1.2.1. Euskal Herriko esperientzia askatzaileak aintzat hartzen ditu, eragile zehatzen menpe egon gabe eta hauen arteko elkartrukea modu irekian sustatuz. Eskola herritarra da, modu zabalean ulertutako herri mugimenduentzako eskola.
1.2.2. Euskal Herria nazio gisa aitortzen du, gure lan esparru natural gisa hartuz. Euskal izaera, euskal mundu-ikuskera eta euskara lehenesten ditu. Era berean, Eskolak langile-klasearen interesei erantzungo die, praktika feminista, ikuspegi antiinperialista eta elkartasun internazionalista bere eginez, eta Ama-lurra ikuspegi ekologikotik bizitzeko lan egingo du. Zapalkuntza-sistema anizkoitzaren aurrean, emantzipazio osoa bultzatzen du.
1.2.3. Zapalduon batasuna eta auzolana dira antolaketarako gakoak. Eskolak autogestioan eta auto- antolakuntzan oinarrituz garatuko du bere jarduera. Konpromisoa, militantzia eta auzolana dira elkarlanerako balio nagusiak.
1.2.4. Eraldaketarako filosofia, filosofia iraultzailea, materialismo historiko dialektikoa da nagusiki, ikuspegi dinamikoan. Pentsamendu kritikoa eta erradikala lehenetsiko ditu ezagutzarako erreminta kognitibo gisa.
A ) Euskal Herrian herri boterea bultzatzeko asmoz, herri-mugimenduetako kideei zuzendutako formakuntza-prozesuak antolatzea, eskaintzea eta garatzea.
B ) Jendarteak historikoki sortutako jakintza zientifikoa gure eginez, herri-erakunde edo mugimenduak indartzen laguntzea.
D ) Euskal Herriko zein nazioarteko herri-mugimenduen eta mugimendu askatzaileen arteko elkar ezagutza, harremanak eta sareak bultzatzea, erraztea, eskaintzea, eta elkartasunerako, elkartrukerako zein elkarrekintzarako topagunea izatea.
E ) Euskal Herrian zein mundu mailan, herri-hezkuntza eta formakuntza politikoa bultzatzen duten eragileekin zein hezkuntzan (arautuan, ez-arautuan, formalean zein informalean) aritzen diren erakundeekin harremana sustatu, saretu eta elkarlana bultzatzea.
F ) Irakaskuntza-ikaskuntzarako teoria eta esperientzia pedagogiko eraldatzaileekin elkarrizketa iraunkorra bultzatu eta elkartrukeak gauzatzea.
G ) Pertsonen askapen prozesua elikatzeko bidean, zapalduen identitate guztiak barne bilduko dituen nortasun kolektibo bateratzailea, gaurkotua, kritikoa eta aktiboa sortzen laguntzea.
H ) Jendarte askearen eraikuntza bultzatuko duen gehiengo berria edo masa kritikoa indartu eta hegemonia kulturala lortze aldera, formazio-kultura eraldatzailearen oinarriak jartzea.
Kontuan izanik pedagogikoa politikoa dela, barnetegietan parte hartzen duten kideak trebatu nahi ditu Oinharri Eskolak, ikaskuntza helburu hauen baitan: (sakontzeko, ikus proposamen politiko- pedagogikoa):
1 ) Antolakuntzaren beharra barneratzea eta kontzientzia zein formazio politikoa garatzea.
2 ) Nazio mailan edo nazioarte mailan estrategikoak zein koiunturazkoak diren gaien inguruan eztabaidatzea eta hausnartzea.
3 ) Euskal Herriko zein nazioarteko errealitate ekonomiko, soziopolitiko eta ideologikoaren inguruko hausnarketak eta diagnosiak burutzea.
4 ) Garatuko diren formazio-jardueretan Materialismo Historiko Dialektikoa analisirako metodo gisa erabiltzea.
5 ) Euskal Herriko herri mugimendu anitzen borroka-esperientziak eta antolakuntza-ereduak ezagutzea, aztertzea, horien inguruan hausnartzea eta irakaspenak ateratzea.
6 ) Herri mugimendu bakoitzaren jarduera politikoan oinarritutako teoria iraultzailea eta idatzizko ekoizpen teoriko/praktiko propioak sortzeko gaitasuna garatzea.
7 ) Euskal Herrian garatu beharreko prozesu askatzailea indartzeko proposamen teoriko/praktiko berriak eta propioak sortzeko gaitasuna garatzea.
8 ) Garatutako formazio prozesua aztertzea, ebaluatzea eta hobetzea era dinamikoan.
Gaur egungo hezkuntza-sistemak pertsona ez-osatuak, kutsatuak eta apurtuak eraikitzen ditu, pertsonaren ahalmenak murrizten edo mugatzen ditu jendartearen egitura iraunarazteko. Formakuntza politikorako eskola honek pertsona askeak sortzeko baldintzak jartzen eta zabaltzen lagundu nahi du. Aurreko mendeko 60. hamarkadan Oteizak bultzatutako lehen ikastola askeen proiektuetan bezala, eraldaketarako oinarrizko subjektua pertsona dela pentsatzen dugu, alegia, pertsona bakoitza bilakatu behar dela eraldaketaren motor edo eragile.
Formazio-prozesuak pertsonaren etengabeko berreraikuntza eta eraldaketarako ezinbesteko tresnak izateaz gain, pertsona bakoitzaren ahalmen propioak askatzeko eta sakontzeko baliagarriak ere badira, ezagutzaren eraikuntza kolektibo eta askatzailea aktibo politiko bilakatze aldera.
Pertsona oinarrizko atomo soziala den heinean, oinarrizko subjektu politikoa da. Bere sozializazio prozesua eta bere gaitasunen garapena komunitatean gauzatzen dira. Etengabeko elkarrekintzan egonda, bai pertsona bai komunitatea, oinarrizko subjektu politiko/sozialak direla esan daiteke.
Ideia horietan oinarrituta, eskolak oinarrizko prestakuntza politikoa jasotzeko aukera eskaini nahi die Euskal Herriko herri mugimenduetako koadro politikoei, arduradunei zein militanteei. Herri-mugimenduko eragileentzako dinamizatzaile edo hezitzaile politikoak heztea da asmoa, eskola honetan ikasitakoa nork bere herri-erakundean partekatu, zabaldu eta erabili dezan, garatzen duen ekintza politikoa eta eragilea bera sendotu eta indartu ahal izateko.
Herri-mugimenduko erakundeekiko errespetua, formazio-prozesuaren eraginkortasuna eta partaideen erantzukizuna bermatze aldera, eragile bakoitzak proposatuko ditu eskolara etorriko diren kide-militanteak. Jendartearen eraldaketarekin konprometitutako kultura arloko eragile kolektiboei eta norbanako eragileei ere irekita egongo da eskola.
Honekin batera, bereziki udako barnetegian Eskolaren ezaugarri garrantzitsuenetariko bat komunitatea ahalik eta modu aberatsenean osatzea izanik, helduen zaintzapean diren haurren parte- hartze aktiboa bultzatuko da, berariaz diseinaturiko Oinharritxiki egitasmoaren bidez.