Formakuntza-barnetegia

Oinharri Eskolaren udako formakuntza-barnetegiak Brasilgo MST antolakundearen Florestan Fernandes Eskola Nazionala du erreferentzia nagusi, eta bertatik elikatzen da batez ere barnetegiaren metodoa. Herri-hezkuntzan oinarritutako egitasmoa dugu, elkarlanean eraikia, eta herri mugimenduetako arituak ditu parte-hartzaile nagusi. Ideologikoki marxismoa, materialismo historikoa eta dialektikoa ditu ardatz nagusi, ikuspegi dinamikoan.

Barnetegiak partaideen esperientzia bizi-biziari bide ematen dio. Besteak beste, lortu nahi duena da norbanakoa ohiko parametroetatik ateratzea, bizipen berriak eskaintzea eta partaideen artean formakuntza-eraldaketa esanguratsua sortzea.

Udako barnetegia da Oinharri eskolaren ekimen nagusia eta bertan islatzen da hobekien gure formakuntza-eskaintzaren berritasuna eta berezitasuna: elkarbizitzatik ikasten dugu, elkarrekin modu jakin batean aritzen gara (talde txikietan antolatuta) eta ikas-eremu gisa hartzen ditugu bizitzako hainbat eremu (teoria eta praktika politikoa, komunitate-lanak, kultura eta antolakuntza). Barnetegia, beraz, formakuntza-esperientzia holistiko gisa planteatzen dugu: bizipen guztiak dira formakuntza-esperientziaren parte.

Barnetegiaren formatua apur bat hobeto ilustratzeko, hementxe duzue 2021ean antolatutako barnetegian erabili genuen kronograma. Grisez koloreztatuta komunitate-lanak daude; urdinez, kultura; gorriz, antolakuntza-lanak; eta, horiz, teoria eta praktika politikoa. Ikastaroan erabiltzen dugun metodoaren inguruan gehiago jakiteko, sakatu hemen

Haurren parte-hartzea?

Komunitatean oinarritutako bizitza sustatu nahi du barnetegiak eta, horregatik, haurrek ere beren tokia dute formakuntzan. Oinharri Txiki eskolaren bidez, haurrek ere formakuntza-ibilbidea egiteko aukera izango dute, beren nahi eta beharretatik abiatuko dena eta, beraz, ikastearekin batera, ondo pasatzea bermatuko duena. Gainera, eskolak haurren zaintza komunitarioa sustatzen du, eta txiki zein helduei esperientzia ezin aberasgarriagoa eskaintzen die horrela.

Formakuntza-barnetegian izena emateko, sakatu hemen.