Oinharri Eskolaren ikaskuntza-irakaskuntzarako metodologia Herri hezkuntzan oinarritzen da. Hezkuntza esku-hartze politikorako esparru gisa ulertzen du, herri-sektoreak ahaldundu eta auto- antolatzeko prozesuak erraztu eta dinamizatzeko proposamen politiko-pedagogikoa da.
Eredu pedagogiko honek ezagutza eraikitzeko metodologia zehatza proposatzen du: ezagutza era kolektiboan sortzea, norberaren esperientzia eta praktiken testuinguruan kokatzen den gogoeta sistematikotik abiatuta. Kontzientzia politikoa garatu eta politikoki eragiteko gure gaitasun pertsonala eta kolektiboa askatu eta indartuko dituzten prozesu hezitzaileak hobesten dira, gure arteko praktikak eta sinesmenak ildo askatzailean eraldatuz. Horrenbestez, herri hezkuntzaren proposamena praxiaren teoria eta teoriaren praxia da; asmo etiko zein politiko askatzailearen bidez, menderatze-harremanak desegitea.
Ikaskuntza-irakaskuntzarako metodologiaren beste zutabea, Engels eta Marxen teorietan oinarritzen den Materialismo historikoaren eta dialektikoaren metodoa da. Idealismoaren kontra, materialismoa esperientzia eta arrazoinamenduen bitartez eskuratzen den ezagutzaz hornitzen da. Bizi- baldintza materialek (azpiegitura ekonomikoak) baldintzatzen dituzte pertsonen arteko harreman sozialak, eta horiekin batera, jendarteak izango dituen sinesmen, uste eta ideiak. Ekonomia ez da pertsonen ideien ondorioa, kausa baizik. Bizi-baldintzak aldatzen direnean harreman sozialak ere aldatzen dira eta, ondorioz, bizi-baldintza horiek justifikatzeko erabiltzen den ideologia ere bai. Marxen arabera, filosofiak zeregin iraultzailea dauka: mundua interpretatzea eta aldatzea.
Dialektikaren ikuspuntutik, aldakortasuna da errealitatearen ezaugarri nagusia. Ezer ez da estatikoa, dena eraldatzen da, etengabeko mugimenduan dago, etengabeko elkarrizketan, etengabeko kontraesanean... eta halakoa izango da Eskolaren eraikuntza prozesuaren izaera bera ere. Alegia, helburua ez dela izango existitzen ez den behin betiko formula magikoa topatzea, baizik eta bidean aurrera egin ahala, formula hori etengabe berregin eta berrasmatzea.
Hortaz, printzipio metodologiko horiek praktikan jarri ahal izateko, proiektuen bidezko ikaskuntzaren eta ikaskuntza kooperatiboaren planteamendu didaktikoak baliatuko ditugu.
- Praxi holistikoa. Teoria eta praktika elkar lotzen dituen praxia izango da. Formazioa ez dugu soilik teoriarekin lotuko, baizik eta praktikarekin eta praktikara begira. Formazio jarduera eta dinamikak dena lotu behar du, eta denetarako baliabideak eskaini. Hortaz, formazio politikoa mundu berriaren eraikuntzarekin erabat lotu behar da, ikuspegi askatzailea inguratzen gaituen osotasun horrekin lotuz.
- Formazio politiko integrala. Formazioa bizitzaren eremu guztiekin lotuta egonik, formazio integralaren ideian oinarritu nahi da gure egoteko-egiteko modua. Bizitzaren arlo guztiak eta eremu guztiak formazio politiko integral horren parte izango dira: koiuntura analisi bat egiteko gaitasuna lantzea, kantu bat asmatzea, zein sukalde txukun eta garbi batean otordu goxo bat prestatzea.
- Bizipenetan oinarritutako formazio integrala. Formazio politikorako barnetegietan, den-dena kokatzen da formazioaren baitan, hasieratik bukaeraraino. Hau da, bizipen guzti-guztiak, bizi eredua eta bizi ikuskera ere, jakina, formazio-prozesu horren parte dira. Gakoa hitzetatik ekintzetara pasatzea izanik, ahalegin berezia eskainiko zaio honi, era kontzienteago batean esperimentatu eta barneratzeari, alegia.
- Burujabetza eta jabekuntza ardatza. Formazio politiko integrala gauzatu ahal izateko, alegia, bizitzako esparru guztiak beren osotasunean landu ahal izateko, burujabetza izango da gure iparrorratza. Burujabetza norbanako gisa eta kolektibo gisa, eta noski, elkarrekiko errespetuan eta konpromisoan oinarrituta. Burujabetza, beraz, beren kabuz erabakitzeko gai izango diren subjektuak eraikitzen laguntzeko.
- Naturarekin bat. Kontuan izanik pertsona ezin dela naturatik bereizi, banaezintasun hori oinarri hartuta egingo dugu lan. Hau da, gure ekintzek naturan izan dezaketen eragina etengabe kontuan hartzeaz gain, naturak gure ekintzetan duen eragina ere kontuan izanez. Horrek, bestalde, gure gorputzekin eta osasunarekin dugun harremana lantzera behartzen gaitu, eta ikuspegi hori gure praktikan txertatzera.
- Oinarri lana, formazioaren oinarri gisa. Jendartea espazio txiki eta hurbiletan eraikitzen da, eta espazio horietatik abiatuta eraldatzen da. Oinarrian egin beharreko lana ezinbestekoa da prozesu-proiektu eraldatzailearentzat. Horregatik, gure formazioaren egiteko moduan oinarri lanari ezinbesteko garrantzia emateaz gain, lehentasuna eskainiko zaio horren gaineko gogoetari ere.
- Taldearekiko konpromisoa eta diziplina. Geure burua norbanako gisa ulertzeaz gain, izaera kolektiboa duen proiektu baten parte gisa ere ulertzen dugunez, ezinbestekoa izango da konpromisoa, errespetua eta diziplinaren garrantzia barneratu eta praktikan islatzea; ez soilik eskolaren funtzionamendu egokiari begira, baizik eta eskolak ekarpena egin nahi duen proiektu zabalago horren garapenerako ere.
- Munduan egoteko-ekiteko nortasun-ekintza. Jakin badakigu, praxi iraultzailera hurbiltzeko edo bertan lanean jarduteko garaian identitateak edo nortasunak berebiziko garrantzia duela, besteak beste, proiektu zabalago baten parte izateak sentiarazten duen ongizateak konpromisoa eta lanerako grina areagotzen dituelako. Zentzu horretan, arreta berezia eskainiko diogu kolektibitateari eta berau gorpuzteko nortasun-ekintzei.
Ikastea ez da irakaslearengandik ikaslearengana doan norabide bakarreko bidea. Proiektu honetan adituak ez ezik, arituak ere badu zer esana. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesu bat da, elkarlanean eta elkartasunez burutu beharrekoa. Honenbestez, denon jakintzak dira baliagarriak zein beharrezkoak, agerikoak zein ezkutukoak. Horregatik, horiek denak azaleratu, indartu eta gauzatzeko ikaskuntza- prozesua eremu pedagogiko anitzetan garatuko da.
Ikaskuntza-eremuak eremu pedagogikoak dira, helburu orokorrak eta ikaskuntzarako helburuak lortu ahal izateko ikasi beharreko edukiak zerrendatzen dituztenak. Hau da; formazio politikorako ezinbestekoak diren edukiak multzokatzeko eta gaitasunak garatzeko proposamen metodologikoa dira.
- Komunitate-lana: Elkarbizitza sostengatzeko lanak ez dira nolanahikoak eta horiek partekatuak izan behar dira. Lanaren bidez, gure existentziarako nahiz bizitzarako baldintzak sortzen ditugu, edo sortu beharko genituzke. Lanari esker, gainera, bizi baldintzak bermatzeaz gain, gure klase-nortasuna garatzen dugu. Hortaz, berebiziko garrantzia du lanak, dimentsio pedagogikoa zein askatzailea barne hartzen dituelako.
- Teoria eta praktika politikoa: Borroka politikoan bezala, teoria iraultzailea ez da bat-batean sortzen. Zapalduen interesak eta erronka historikoa ulertzeko ezinbestekoa da borroka espezifikoak errealitatearen (politiko, historiko, ekonomiko eta sozialaren) azterketa sakonarekin uztartzea.
- Kultura: Kultura ikaskuntza-eremu gisa proposatzeak baditu helburu jakinak. Izan ere, nortasun- ekintzen bitartez, klase ikuspegitik kontra-hegemonia edo hegemonia kultural berriak ezar daitezke. Jakina denez, kultur sorkuntzaren edota gorputz hezkuntzaren bitartez, jendartearen “sen ona” edo logika nagusia eralda daitezke, bere baitan mundu ikuskera hegemoniko askatzaileagoak errotuz. Pertsonek eta kolektiboek dugun sorkuntza gaitasunaz, eta sorkuntzak duen komunikatzeko eta eraldatzeko gaitasunaz jabetu nahi dugu. Finean, gaitasun hori kontziente egiten eta garatzen lagundu nahi dugu.
- Antolakuntza-lana: Proiektu honetan antolakuntzaz ari garenean, ikaskuntza-eremu bati buruz ari gara. Gure helburua ez da inolako antolakunderik sortzea, bultzatzea, goraipatzea edota lehenestea. Baina, noski, edozein prozesu eraldatzailek antolakuntzaren beharra du, izan ere, antolakuntzaren bitartez gauzatzen baititugu berehalako helburuak nola helburu estrategikoak. Soilik antolakuntzaren bidez irits gaitezke eraiki nahi dugun hori planifikatzera eta gauzatzera. Beraz, antolakuntza, ezinbesteko lan tresna izango da guretzat, eremu pedagogiko eta praktiko gisa; bizitza erdigunean jartzea, barne hausnarketa sustatzea, barne komunikazioa erraztea, kideon arteko harremanak zaintzea, elkar-eragitea, elkar- zaintzea eta bizikidetza, antolakuntza ona garatzeko ezinbesteko elementuak dira. Formazio-prozesua oinharri-taldeetan garatzen da: kide guztiek beren oinharri-talde zehatza daukate, eta funtzionamendua talde horien bidez gauzatzen da.
etorriko diren pertsonen ardurapeko haurren egonaldia esanguratsua eta aberatsa izan dadin, zein haurren arduradunek formazio-prozesuan parte hartzeko aukera berdinak izan ditzaten, Oinharri Txiki proiektua jarri dugu abian. Haurren zaintzaren kontzeptua gainditu eta bestelako proposamen hezitzaile bat eraiki nahi dugu, herri-eskola integral gisa aritu ahal izateko.
Tokian tokiko curriculumen eta proiektuen bidezko ikaskuntzan oinarritutako egitasmoa da: bertan bizi eta esperimentatzeko aukera eskaintzeko.
Barnetegia burutuko den herria eta bere inguruak ezagutzea, Oinharri formazio politikorako eskolaren ikaskuntza eremuen oinarrizko ezagutzak barneratzea, eta adin desberdinetako haurrek talde moduan aritzea izango dira Oinharri Txiki eskolaren helburuak.
Ikas daitezkeen eduki motak (kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak) antolatu ahal izateko ikaskuntza-eremu orokorrak (Oinharri formazio politikorako eskolaren berberak) eta ikaskuntza-eremu zehatzak (herriaren natur ingurunea, historia, etxeak eta auzoak, pertsonak, lan motak, kulturaren sorkuntza eta transmisioa, erakundeak...) proposatzen dira. Ikaskuntza-eremu orokorrek zeharkako izaera izango dute, alegia, ikaskuntza-eremu zehatzak jorratu ahala txertatuko ditu dinamizatzaileak.
Edukiak praktikatu ahal izateko, sei saiotan garatuko den proiektua diseinatu da, bertaratuko diren haurren interesen arabera moldatuko dena. Pedagogia Lantaldeko kide batek izango du saioak gidatzeko ardura eta, berarekin batera, ikastaroan parte-hartzen duten pertsonek ere dinamizazio lan horietan aritzeko beta izango dute. Horretarako, goizeko eta arratsaldeko txandak antolatuko dira, eta txanda bakoitzean ikastaroko parte-hartzaile bat arituko da Pedagogia Lantaldeko arduradunarekin elkarlanean haurren ikaskuntza prozesua errazten.
Ebaluazio kualitatibo, hezigarri eta etengabekoaren proposamenak kontuan hartuz, proiektua ebaluatzeko aukera izango dute haurrek.