“Oinharri eskola” herri mugimenduarentzako eskola politiko berria aurkeztu da

Jarduera nagusia Formakuntza Barnetegien bidez garatzen dute. Metodo politiko-pedagogiko bereziarekin egiten dute formakuntza, bizipenetan eta integraltasunean oinarrituta. Metodoa Brasilgo MST mugimenduak duen Florestan Fernandes Eskolatik ekarri da, eta Euskal Herrira egokitzeko asmoa du Oinharri eskolak.

Zer da Oinharri eskola?

Oinharri Eskola proiektuak bere burua aurkeztu du. Euskal Herri mailako proiektua da eta Euskal Herriko herri mugimenduko antolakunde eta militanteentzako eskola politikoa izan du. Formakuntzaren ikuspegia MSTk duen metodo politiko-pedagogikoan oinarritzen da, hots, materialismo dialektikoan eta formakuntza integralean. Eskolak lau urteko ibilbidea du dagoeneko, eta denbora hori barne-mailako lanetan zein formakuntza jarduerak probatzen eman du.

Zer berri formakuntzaren esparruan?

Proiektuak ez ditu jada existitzen diren formakuntza-eskaintzak errepikatu nahi, baizik eta daudenak modu berri batean osatu nahi ditu, Euskal Herrian eskaintzen ez den formula berri batekin. Hain zuzen, jarduera nagusia udan egingo diren Formakuntza Barnetegiak izango dira, eta bertako jarduerak metodo politiko-pedagogiko berezi baten bidez garatuko dira. Azken hiru urteetan bi Formakuntza Barnetegi garatu ditu, bat Amaiur herrian (2019) eta bestea Errekaleor auzo askean (2021). Aurten hirugarren Formakuntza Barnetegia garatuko du “Teoria eta praktika politikoa elkarbizitzan uztartzen” izenburupean, uztailaren 15etik 23ra, Errekaleorren.

Barnetegiak formakuntza eta praktika politikoa eskainiko ditu eta produktu lokalak erabiliko ditu otorduetan. Haurrentzako formakuntza ere eskainiko du, gurasoak haurrekin etor daitezen. Parte-hartzea, bestalde, eskolak berak finantzatuko du. Antolatzaileek diotenez, parte-hartzaileek jarri behar duten gauza bakarra motibazioa da.

Formakuntza Barnetegiari begira, udaberrian formakuntza-asteburuak

2023ko udako Formakuntza Barnetegiari begira, udaberri honetan hainbat formakuntza-asteburu burutu dituzte. Asteburu horiek hiru helburu izan dituzte: alde batetik, Oinharri eskolara hurbiltzeko, proiektua aurkezteko eta formakuntza ikuspegia ezagutarazteko espazioa izatea. Bestetik, Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegietan aplikatzen duen metodo politiko-pedagogikora hurbiltzeko espazioa eskaintzea, eta horretarako dimentsio politiko-pedagogiko guztiak lantzea. Eta, hirugarrenik, asteburu bakoitzean proposatu diren eduki politikoak lantzeko eta eztabaidatzeko espazio kolektiboa sortzea.

Horrez gain, udaberrian zehar, Euskal Herriko hiriburu eta eskualde batzuetan Oinharri eskolaren aurkezpenak egin eta egingo dira proiektua ezagutarazteko eta udako Formakuntza Barnetegiaren deialdia zabaltzeko. Gehiago jakiteko, bilatu “Oinharri Eskola” Mastodon, Twitter eta Instagram sare sozialetan eta Telegramen. Udan burutuko den Formakuntza Barnetegian izena emateko, martxan jarri duten web orriaren bidez egin daiteke (oinharrieskola.eus > Parte hartu > Barnetegian).