Oinharri Eskolaren metodoa eta eragilea bera ezagutzera emateko asmoarekin, 2023ko apirilean eta maiatzean bi formakuntza asteburu antolatu genituen Errekaleor Auzo Askean.
2023ko apirilaren 22 eta 23an, lehenengo asteburua burutu genuen Kapitalismoa eta Nazioa izenburuarekin. Maiatzean, aldiz, Kapitalismoa, Nazioa, Patriarkatua gaiak izan genituen ardatz ikuspegi teoriko eta praktikotik. Bi asteburuetan hamarnaka lagun hurbildu ziren eta egitasmo hezitzaile honen berri zuzenean jaso zuten.
Asteburu biek egitura bera izan zuten. Udako Barnetegian erabiltzen dugun ereduaren laburpena izanik, lau ikaskuntza eremuak aurkeztu ahal izan genituen, nahiz eta ezin izan genien potentzial guztia atera. Hori dela eta, bertaratutakoei udako ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu genien.
Larunbat goizean parte-hartzaileei harrera egin genien eta elkar ezagutzeko jolasak egin genituen. Bigarren astebururako, parte-hartzaileei haientzat esanguratsua zen objektu bat ekartzeko eskatu genien. Azpimarratzekoa izan zen Gaztelako kide batek ekarritako gari-galburua eta horrekin lotutako esaera komuneroa: “Amapola comunera en todo el trigal se ampara”. Ondoren, Oinharri Eskolaren proiektua azaldu genuen, baita asteburuko egitaraua ere. Eskolaren antolakuntzaren oinarria diren Oinharri taldeen osaketari ekin genion horren ostean. Asteburu bietan Oinharri talde bakoitzak bere taldearen nortasunarekin zerikusia zuen izena hautatu zuen. Behin taldeetan antolatuta, astebururako komunitate lanak banatu genituen.
Atsedenaren ostean, auzolanarekin hasi ginen. Apirilekoan plaza bat garbitzea egokitu zitzaigun. Maiatzean, aldiz, Errekaleorreko kideekin batera, aterpea handitu asmoz pisu bat atontzen ibili ginen. Zein ondo pasa zuen Oinharri Txiki Taldeak horma-irudia margotzen! Azken asteburuan, bazkaria ere Errekaleorreko kideekin partekatu genuen.
Bazkal ostean, lehenengo saio teoriko-praktikoa egin genuen. Udako barnetegiarekin alderatuta, askoz gutxiago landu ahal izan genuen: gai bakarra jorratu genuen asteburu bakoitzean, baina gai horri ordu kopuru gehiago esleitu genion. Dena den, udakoan oso lagungarria da saio teoriko-praktiko guztien arteko lotura eta jarraikortasuna ikustea, gaika banatuta egon arren, osotasun teoriko-praktikoa antzeman daitekeelako. Bigarren asteburuan Euskal Herriko militante feminista historikoen ekarpenaz gozatzeko aukera izan genuen.
Arratsaldearen azken orduak antolakuntza lanetan eman genituen: Oinharri taldeen bilerak egunaren balorazioa egiteko edota gaubela prestatzeko, gizon eta emakume* asanbladak eta asanblada orokorra. Horien bitartez, praktikatik ikasten dugu eta metodoa hobetzen joan gaitezke.
Afalostean kantak, gitarrak eta mimika. Gaubela hunkigarriak izan genituen bi asteburuetan.
Igande goizean, gosaldu ostean, bigarren saio teorikoari ekin genion. Lehenengo asteburuan Estatuaren gaineko eztabaida gailendu zen atal horretan. Bigarrenean lantaldeka aritu ginen Euskal Herriko gaur egungo patriarkatuaren koiuntura analisia egien, mugimendu feministak deitutako zaintzen greba presente izanda.
Errekaleorrek utzitako espazioak txukuntzen eta bazkaria prestatzen eman genituen hurrengo orduak. Azken saioak, berriz, asteburua baloratzeko erabili genituen, emakume eta gizonen asanbladetan, oinharri taldeetan eta asanblada orokorrean. Oinharri txiki taldeak argi utzi zigun ez zutela guztiz gogoko Oinharriren antolakuntza eredua, eta dinamizatzaile batzuk egon beharrean, denok maila berean egoteko eskatu zuten. Kontutan hartzekoa da, hurrengo esperientzietarako.
Oso aberasgarriak, biziak eta emankorrak izan ziren asteburuak, nahiz eta pilula labur horiek ezin duten barnetegiaren ariketa osoa ordezkatu. Metodoa bere osotasunean probatzeko eta frogatzeko denbora eta jarraikortasuna ezinbestekoak dira. Dastaketa horiek baina, barnetegiaren arima usaintzeko balio izan dutela espero dugu, eta badakizue... osotasuna nolakoa den jakin nahi baduzue, ETORTZEA BESTERIK EZ DUZUE!